UDALA
Hiztegiak honela definitzen du Udala: “Udalerri bat kudeatzen duen udalbatza, alkate batek eta hainbat zinegotzik osatua”. Beste adiera batek hauxe dio: “Batzordea, batzarra”. Horixe da etengabe gogoan izan beharko genukeena: udala batzartzeko topagunea da, zeinetan udalerriko pertsona guztiek lekua izan behar duten. Oro har, politikariak lau urterik behin gogoratzen dira gutaz: beraiei botoa ematen diegun hauteskunde sasoian eta kito. Gainontzeko denboran, gaudenik ere ez du ematen; are gehiago, badirudi traba egiten diegula. Ez dira gutaz gogoratzen hurrengo hauteskundeak heldu arte, eta orduan, gai jakin baten inguruan zein iritzi dugun galdetzen digute.
Baina ez dugu gure burua engainatu behar. Gu ere bagara egoera horren erantzuleak, ez parte hartzea erosoago zaigulako, zerbaiten alde egitea baino errazago zaigulako kexa azaltzea, Udalean jardutea lana delako, esango dutenaren beldur garelako edo, beste barik, gure kontuak ez direla uste dugulako, ez duela gugan eraginik sinesten dugulako. Horrela bizi gara, gure burua engainatzen, eta besteei guk hartu beharreko erabakiak hartzen uzten, begiak itxiz eta noizean behin gure kexa azalduz; hori bai, kexak modu pribatuan azaltzen ditugu, badaezpada ere.
Nahikoa da! Esateko garaia da. Gu geu gara dauzkagun agintarien erantzule bakarrak. Ez diezaiegun besteei leporatu gure herriaren egoeraren ardura. Gure politikariek jakin behar dute Udalean besteei zerbitzua eskaintzeko daudela eta ez Udalaz baliatzeko. Jakin behar dute guk, herritarrok, jarri ditugula dauden lekuan, eta egiten dutenaren azalpenak eman behar dizkigutela. Eskatu egin behar dugu, erreklamatu, exijitu, baina auzo elkarteen bitartez, Udalbatzetan egonaz, gure zinegotziei galdetuz edo burura etortzen zaigun beste edozein eran Udaleko bizitzan parte hartu behar dugu. Gure dagozkigun erabakiak hartzeko gai ez bagara beste norbaitek egingo du.
Udala da administrazio-organo txikiena eta herritarrarengandik hurbilen dagoena. Funtzionarioak kontuan hartu gabe, Udala osatzen duen beste aldeari Udalbatza esaten zaio. Alde politikoa da eta Alkate batek –toki-administrazioko presidentzia bere gain hartzen du eta zinegotziek osatzen dute; horiek guztiek Udalbatzarrean bilduta arauak ezartzeko ahalmena dute. Udalbatza 4 urterako izaten da hautatua.
Alkatea da Udalbatzako presidentea, eta udal-administrazioa zuzentzen du eta Udala ordezkatu. Zinegotzien artean hautatua izaten da, eta horiek herritarrek hautatzen dituzte era demokratikoan udal-hauteskundeetan. Zinegotziek aukeratzen dute alkatea, eta hautagaietakoren batek gehiengo absolutua eskuratzen badu, Alkate izendatzen zaio. Inork ez badu gehiengo absolutu hori eskuratzen, boto gehien dauzkan zerrendako hautagaia izendatzen da Alkate. Alkateak hainbat eskumen dauzka, eta horietako batzuk beste norbaiten esku utzi ahal ditu. Alkateari dagokio alkateordea izendatzea, eta Gobernu Batzordea izeneko organoaren laguntza izaten du. Gehienez ere Udalbatzarreko kideen herena izan daiteke Gobernu Batzordekoa.
Zinegotzia udal-administrazioetako hautetsia da. Udalerria garatzeko jarrerak edo jarduerak sustatzea da beren ardura, hainbat sailetan: Hirigintza, Kultura, Ekonomia, etab. Era berean, Udalbatzarretan Alkatearen lana ikuskatzeko ardura dute.
Udalbatzarra
Alkateak eta zinegotziek osatzen dute Udalbatzarra, eta herritarrek udal-gobernuan duten politika-ordezkaritzako organo gorena da. Udalerrian eragina duten toki-politika handiak eta erabaki estrategikoak hartzeko taldeko organoa da. Bere eskumenen artean hauek daude: aginte-organoak ikuskatzea eta kontrolatzea, Alkatea aukeratzea eta kargutik kentzea, udal-ordenantzak eta araudiak onartzea eta aldatzea, aurrekontuak onartzea, udalerriko mugak zehazteko edo aldatzeko akordioei buruzkoak, zerbitzuak kudeatzeko ereduak erabakitzea, udalaz gaindiko erakundeetan parte hartzeko akordioak lotzea, etab.
Alkatea da Udalbatzarreko presidentea, eta bere zuzendaritzapean deitzen dira eta egiten dira saioak. Saioak ohikoak, apartekoak edo presazko apartekoak izan daitezke. Horiek guztiak gutxienez bi lanegun aurretik deitu behar dira, presazko aparteko saioak izan ezik; saioak izaera hori izatea Udalbatzarrak berak zehaztu behar du. Ohiko saioak Presidenteak erabakitako aldizkakotasunarekin egingo dira, eta aparteko saioak egingo dira Presidenteak edo gutxienez zinegotzien laurden batek eskatzen duenean. Udalbatzarreko saioak publikoak dira.
Batzordeak
Udalbatzarrak batzordeak izaten ditu. Talde politikoak erabakitzen dute zeintzuk izango diren batzordeetako kideak, Udalbatzarrean duten zinegotzi kopuruaren arabera.
Batzorde bakoitzak Presidente bat dauka. Batzordeko kideek beraiek aukeratzen dute, eta Udalbatzarreko Presidenteak izendatu. Batzordeen zereginak hauek dira: Udalbatzarrean erabakitzeko aztertuko diren gaiak aztertzea, txostena egitea edo horren inguruan kontsultak egitea; Alkatearen eta bere gobernu-taldearen kudeaketaren jarraipena eta Udalbatzarrak bere ardurapean uzten duen beste edozein egiteko.
Gazteek herritik kanpora joan behar direla baino gauza tristeagorik ez dago udal-politikari batentzat. Batez ere hori saihestea guztion esku dagoenean, nahiz eta hori oso balorazio pertsonala iruditu.
Hala ere, gertaera hori saihestea ezinezkoa den egoerak daude; adibidez: etxe-lurra agortzea. Gure egoera ote da hori? Argi eta garbi ez. Dagoen eskariari erantzunez behar beste etxebizitza eraiki ahal izateko lurzoru nahikoa dauka Abadiñok. Hala ere, gure gazteak badoaz. Zer gertatzen ari da?
Azaltzeko ahalegina egingo dugu. Talde Independientea Udalera heldu zenean, une horretan bertan, Arau Subsidiarioak eztabaidatzen ari ziren. Udalerriak dituen beharrizanen arabera dagoen lurzorua banatu eta sailkatzeko tresna dira arau subsidiarioak.
Dagoen lurzoru publikoan etxebizitza sozialak eraikitzearen alde egin zuen hasiera-hasieratik Talde Independienteak.
Zoritxarrez, gaur egun ametsa baino ez da hori Udalaren agintean daudenen erruagatik. Espekulazioa eta gutxi batzuk aberastea interes orokorraren gainetik jarri dituzte.
Dena den, maiatzetik aurrera (hurrengo udal-hauteskundeen data) eta zuen laguntzarekin egoera hori iraultzea nahi dugu, eta gure gazteek duten arazo nagusia konpondu: ETXEBIZITZA.
Lege hori Eusko Legebiltzarrak onartu zuen adostasun handiz 2006ko ekainaren 30ean.
Etxebizitzen eraikuntza arautzea eta, ahal den neurrian, lurzoruaren espekulazioa saihestea dira Legearen helburuak. Izan ere, lurzoruarekin egindako espekulazioa da etxebizitzen garestitzearen arrazoi nagusietako bat.
Lege hori indarrean jarri arte (2006ko irailaren 21a), lur urbanizagarrien %65 babestutako etxebizitzetarako (BOE deitzen duguna) gorde behar zen. Hiri-lurretan, ordea, %20 gorde beharra zegoen. Legea indarrean ipintzearekin batera kopuru horiek aldatu egin dira: babestutako etxebizitzetarako lur urbanizagarriaren %55 gordeko da eta %20 tasatutako etxebizitzetarako (babestutakoak baino apur bat garestiagoak dira, baina merkatu librekoak baino merkeagoak). Hiri-lurretan, berriz, gorde beharreko lurzoru kopurua %40 da: %20 babestutako etxebizitzetarako eta beste %20 tasatutako etxebizitzetarako.
Aztertzen ari garen gaiak Talde Independientearentzat daukan garrantzia azpimarratu gabe ez dugu amaitu gura azalpen hau. Hurrengo maiatzean egingo diren udal-hauteskundeetako programan horixe izango da gure gai nagusia: ETXEBIZITZA SOZIALAK.
